  

::
Idiazabalen eraketa Erdi Aroan eta ondoko mendeetako garapena (XII-XIX.
mendeak)
Gorosabelek
dioenez, Idiazabalek 1860. urtean 1.716 bizilagun zituen. Gehienak
baserrietan bizi ziren (kalean 30 bat etxe zeuden eta, horietatik
ere, ia denak baserriak izango ziren). Beraz, oraindik ere, aspaldiko
mendeetako Idiazabal izango zen.
Baina, XIX. mende horretan sartzen hasi ziren berrikuntzak gizarte
tradizionalaren homogeneotasuna zartatzen joan ziren eta baita beraren
krisia ekarri ere. Besteak beste, hona prozesu horren eragile batzuk:
ideia liberalen etorrera eta gerrak (frantsesekiko gerrak eta gerra
karlistak); baserriaren ekonomi ezina; burdinolen azkena; Madril-Irun
kamino berria; eskola...
Baserri ekonomia ez zegoen gehiagorik emateko moduan eta herriko
seme askok Ameriketako bidea hartu behar izan zuten XIX. mendearen
bukaera aldera eta hurrengoaren hasieran.
XX. mendearen hasieran, gerora ezinbesteko zerbitzu bihurtu diren
batzuk jarri ziren; gizarte berriaren erakusgarri dira: elektrizitate
indarra, kanileko ura, plaza berria, kanposantu berria, eskola berria...
Ameriketan aberastu eta herrira bueltatutako indiano batzuk bultzatu
zituzten horietako asko; palazio itxurako bere etxe zein baino zein
dotoreagoak ere egin zituzten herrian: Altolagirrerenea (Txomenarenea),
Floreaga...
Baina erabateko aldaketa 1936-39ko gerra zibilaren ondoren etorri
zen. XX. mendearen bigarren zatian, urte gutxiren buruan, Idiazabalen
izaera zeharo aldatu da.
Gipuzkoako beste leku batzuetan bezala, industria berriak bizibide
berria ekarri zien baserria uztekotan zirenei: Patricio Echeverría
(1942), Ampo (1964) eta Jaso (1975) enpresa handiak eta zenbait
lantegi txiki sortu ziren Idiazabalen.
Baserrietako jendea industriaratu egin zen eta baita kalera bizitzera
joaten hasi ere; era berean, urrutiko eskualde batzuetatik ere (Gaztelatik,
Galiziatik...) emigrazioa gertatu zen Idiazabala eta Goierriko herri
askotara.
Horrela,
bestalde, aspaldiko mendeetan ia herritar guztiek izandako kultur
eredu euskaldun tradizional homogeneo samarraren ondoan, beste komunitate
kultura bat ere garatzen hasi zen (gaztelaniaz bakarrik hitz egiten
zekitenena); poliki-poliki, gainera, bien arteko elkar eragina handituz
joan da, era askotako egoerak eta jokaera pertsonalak ekarriz. 2001eko
datuen arabera, Idiazabalgo 2031 biztanleetatik, 214 Euskal Autonomi
Erkidegoaz kanpotik etorriak dira (1950 baino lehen banaka batzuk
baino ez ziren izango).
Beste kultur eragile moderno batzuek ere (eskolak, administrazioak,
bidaiek, komunikabideek...) industrializazio aurreko homogeneotasuna
pitzatu egin dute eta ez bakarrik hizkuntzaren ikuspegitik; baita
kulturaren eta jokabideen beste arlo batzuetan ere, aniztasun askoz
handiagoa sortuz horrela.
Garai horretan egin ziren Plaza eta Udaletxe berriak (1955 inguruan)
eta Mediku Etxea.
Baserriak hustearekin batera etorri zen, beraz, kaleko gunearen
zabalpen handia eta -1962. urtetik aurrera, batez ere- langileentzako
etxe mordoak egin ziren. Gurutze Berri, Bikuña, Zigor eta
Adarrako auzo berriek gaur egungo itxura ekarri diote Idiazabali.
Baserria kale girora gerturatu eta ekartzeko giro berriarekin bat
etorriz, Urtsuaran –aurreko mendean Seguraratua- Idiazabalgo
barrutian sartu zen 1947an; horrela, kalearekiko lotura zuzenagoa
izan zuen.
1980tik hona, zerbitzu berrien eskeak eraikin berriz hornitu du
herria (A.Iparragirre eskola; Igarondoko pilotalekua eta igerilekua;
Kultur Etxea; Zelaako kiroldegia; kamino berria, herriaz kanpo;
Eziolatza eta Arizkorretako futbol zelaiak; Txomenareneko parkea;
Pilarreneko pertsona adindunen etxea...). Etxebizitza gehiago ere
egin dira, baina, orain, batez ere, erdi mailako jendeentzako moduko
etxetxo edo txaletak, herriaren kanpo aldeetan.
.: Gaur egungo Idiazabalen aurrekinak
(XII. mende artekoak)
.: Gaur egungo Idiazabal (XIX-XX.
mendeak)
|
|