  

::
Idiazabalen eraketa Erdi Aroan eta ondoko mendeetako garapena (XII-XIX.
mendeak)
Bestelakoan, feudalismo garaiko berriak ez dira askoz oparoagoak.
XII. mendearen hondarreko dokumentu batean, herriaren gaur egungo
izena lehenbizikoz idatzita ageri da (1199. urtea).
Ordurako, Euskal Herriko Kantauri aldean, gaur egungo baserrien
aurretik zeuden asentamenduak eginak izango ziren. Hasieran egurrez
bakarrik eta, gero, harriz eta egurrez egindako txabola xume samar
batzuetan biziko ziren orduko idiazabaldarrak.
Mikel goiaingeruaren eliza ere XII-XIII. mendeen inguruan eraikitzen
hasi zelarik, pentsatzekoa da ordurako izango zela herri edo auzo
eraketaren bat inguruan eta, ohi zenez, inguruko jaun edo handikien
aginteak, nola edo hala, harrapatuko zuen. Lazkaoko jauna, konparazio
baterako, Idiazabalgo elizaren patroi edo jauna zen eta berak zuzentzen
zuen parrokiaren jarduna (bikarioa izendatuz...). Noble handikiak
eta Eliza, horra garaiko bi erakunde ahaltsuenak.
Ermitak ere, gehienak, inguruko baserrietako jaunenak ziren: Santa
Isabel, Eztenagakoa; San Andres, Arizkorretakoa; San Esteban, Akutaingoa;
Santa Polonia, Arimasagastikoa; San Ignazio (beharbada berriagoa),
Oriakoa... Gurutzetakoa eta Kalbariokoa, ordea, herriarenak.
Gizarte hura antolatu eta eratuz joan zen neurrian, garaiko administrazio
egituretan sartuz ere joan zen. 1384. urtean, aurreko mendean hiribildu
bihurtutako Seguraren babesera bildu zen, beti ere bere nortasuna
gordez (“unibertsitate” modura azaldu zen aurrerantzean
dokumentuetan).
Bien bitartean, XVI. mendean, lehenagoko mendeetan egurrez egindako
txabolen lekuan, gaur egun dauzkagun baserri zaharrenak eraikitzen
hasi bide ziren; egurraz gain, harria eta karea ere erabili zituzten
(Urbizu Gerikok gorde du –beste guztiek baino hobeto- gaur
egun arte, orduko egitura). Ondoko mendeetan, artoa bezalako gai
berriak sartu eta, poliki-poliki, bizilagunen kopuruak gorantz egin
zuen neurrian, baserri berriak ere egin ziren XIX. mendea arte.
Baserritarrek, bere lurrez gain, Idiazabalgo herri lurrak eta Urtsuaran,
Urbia eta Altzaniako partzonerietakoak ere erabiliko zituzten jadanik
(antzinako erabilera arautzeko, XV. mendearen hasieran, legez eratu
ziren). Baserritarren bizimoduak ez bide zuen erosotasun izugarririk,
hala ere. Mendi aldeko lur haiek ezinbestekoak izango ziren hainbat
gauzatarako herritar gehienentzat: ganaduarentzako larrea eta egurra
zeuzkaten haietatik.
Garaian paretsu, bestalde, baserriaren ekonomiari oso lotuak zeuden
industriak ere bizkortu ziren. Errotak, batetik, alea ehotzeko;
Urtsuarango Olakoa eta handik beherako gainetikoak: Loidi, Lopategi,
Errotagain, Arimasagasti, Oria, Eztenaga, Ihurre. Eta burdingaiak
egiteko olak ere: Urtsuarango biak eta Loidi edo Zuloagakoak (hasieran
herriarenak); Ihurrekoa, Lazkaoko jaunarena... gure herriko baserri
ekonomiaren osagarri ezin utzizkoak izan ziren.
Baserri batzuetako jaunak aberastu ere egin ziren eta baita bere
etxeak dotoretu ere: Maugia, Arimasagasti, Oiarbide eta Eztenaga
(hau lehenagokoa, beharbada) jauretxe itxura emanez berreraiki egin
ziren XVII-XVIII. mendeetan. Agerian dute oraindik orduko handi
nahia.
1615. urtean, erregeri behar zen diru kopurua ordainduz, Seguratik
apartatu eta “villa” titulua lortu zuen Idiazabalek.
Bere burua gobernatzeko, herriko etxea kontzeju etxe bihurtu zen;
beraren altzoan sortu zen ostatua ere.
Aurrerantzean, gainera, Gipuzkoako gobernu gorabeheretan tarteko
izateko, Batzar Nagusietan esku hartzeko eskubidea izan zuen, beste
herri guztiek bezala. Bizilagun gutxi samarrekoa izanik, ordea,
inguruko herriekin bat egin ohi zuen Idiazabalek bere ordezkariak
bidaltzeko: batean Ataun, gero Segura, hurrengoan Zegama eta Mutiloa...
izan zituen elkarkide.
Eliza ere, mende oparo haietan egin edo osatu zen. XVI-XVII.. mendeetan
eraikina bera (gotikoa) eta XVIII.eko hasieran korua, erretaulak
eta irudiak. .: Gaur egungo
Idiazabalen aurrekinak (XII. mende artekoak)
.: Gaur egungo Idiazabal (XIX-XX.
mendeak)
|
|