IDIAZABALIDIAZABALgo GAZTAUDALETXEAAGENDA BISITARIAK ALBISTEAK

 › Garraioak › Pertsonaia ospetsuak › Eraikin aipagarriak › Ibilaldiak  › Festak › Irudiak


:: Miguel Antonio Zumalakarregi (1773-1867)


Nahiz eta berak egindako merezimenduak ugariak izan, ospea Tomas Zumalakarregi jeneral karlista ormaiztegiarraren anaia izateari zor dio neurri handiagoan. Izan ere, Migel Antonio anaia zaharrena liberala izanik, gerra zibilean gertatutako borrokaren erakusgarri garbiena baita, familia berekoak, baina elkarren etsai izatea biak.

Aurrena Idiazabalen eta gero Ormaiztegin aritu zen es
kribau baten seme izan ziren. Miguel Antonio Frantzian Ilustrazioko pentsalariek proposatutako gizarte eredu berria eztabaida bizian zegoen garaian jaio zen (Errekaarteko etxean, seguruenez). Goierriko nekazari giroko herriak ez ziren izango ideia liberalen hazia ernetzeko lurrik gozoenak eta pentsatzekoa da legegintza ikastera kanpora joan zenean ezagutuko zuela jaiotzen ari zen ideologia liberal berria.

Ikasketak bukatu ondotik, epaitegietako magistratu lanetan ibili zen Espainia guztian, Madrilgo Auzitegi Goreneko kide izateraino ere iritsiz 1820an.

Politikagintzan ere oso goian ibili zen. Napoleonen aurkako gerran (1808-1815) aritu eta gero, Cadizko Gorteetan Gipuzkoako probintziaren ordezkari gisa parte hartu zuen 1812ko Espainiako lehen konstituzioa egiten. Napoleonen gerra bukatutakoan, ordea, Fernando VII.ak absolutismoa berrezarri zuen eta Zumalakarregi preso hartu eta epaitu egin zuten; baita bere lanpostua galdu ere.

1820-23ko hirurteko liberalean berreskuratu egin zuen. 1823an, absolutismoa birjartzean, magistratu lana galdu zuen berriro.
Fernando VII.a hiltzean, I. Gerra Karlista piztu zen eta bi anaiak elkarren aurkako suertatu ziren. Miguel Antoniok gutun bat bidali zion buruzagi karlista bihurtua zen anaia Tomasi Logroñotik, Don Karlosen armada utzi eta Isabel erreginaren alde jartzeko eskatuz, baina alferrik Anaia gerran hilda, Miguel Antonio berriro ere diputatu izan zen Madrilgo Gorteetan, Gipuzkoaren izenean (1836-41); baita senatari ere (1841-43); Gorteetako lehendakari izateraino heldu zen.
Diputatu izan zen urteetan, I. Gerra Karlista ondoren, Euskal Herriko foru sistemaren geroa erabakitzeko osatu zen batzordeko kide izan zen. 1839ko urriaren 25eko legea lantzen aritu zen, beraz; batzordeko lanetan, foru sistema udal eskumenen mailara eta ekonomi arlora murriztearen alde azaldu zen.
Donostiako alkate ere izan zen (1840) eta -bere politika bidean gailur- Espainiako Justiziako Ministro bihurtu zen 1842-43an, liberal aurrerakoien gobernuan.
Madrilen hil zen, baina ez dago garbi noiz. Iturri batzuetan 1846 izan zela esaten bada ere, badirudi 1867an izan zela.

.: Mateo Muxika Urrestarazu (1870-1968)
.: Beste batzuk