::
Festak Idiazabalen

San Blas da herriko zaindaria eta beraren gorazarretan festa handia
egiten da otsailaren hiruan; ohiturari jarraituz, erroskila bedeinkazioa
eta beste ospakizun asko izaten dira. Aurreko eta ondorengo egun
gehiagotan ere festa giroa da nagusi Idiazabalen; San Blas bezpera
kandelario eguna da eta kandelak bedeinkatzen dira; otsailaren laua,
San Blas Txiki.
Guztiak ere handikiro ospatzen dituzte idiazabaldarrek; ondoko herrietatik
ere erruz etortzen da jendea, izan ere inguruan, sasoi horretan,
beste inon ez baita festa.
1970 inguru arte, San Migel eguna ere ospatu izan da irailaren 29an
(bera baita Idiazabalgo elizaren zaindaria), baina gaur egun ez
dago horrelakorik.
Baina, San Migeletan, Urtsuarango festak ere izaten dira; mondeju
jana da festa horietako berezitasun nagusia. Idiazabalen, mondejuak
eta odolkiak, biak ere beltzak diren arren, ondo bereizten dira
batak eta besteak: mondejuak ardi odolez eginak dira eta odolkiek,
berriz, txerriarena dute osagai nagusia.
Beste auzo batzuetan ere ospatu izan dira edo ospatzen dira, oraindik
ere, festak. Uztailaren hogeita hamaikan San Ignazio auzokoak eta
abuztuaren hamabostean Gurutzetako ermitakoak.
Baina, inondik ere, San Adriangoa da Idiazabalgo festarik bitxiena.
Iztueta zaldibiar idazle aspaldikoaren hitzek ederki adierazten
dute festaren muina zein den.
Horiez guztiez gain, badira beste festa tradizional batzuk (Eguberri
ingurukoak, Francoren diktaduraren ondoren berreskuratutako Inauteriak...)
eta azken urteotan sortu eta indarra hartzen ari diren beste batzuk
(Gazta eguna...).
Hona guztien xehetasuna:
Urtarrilaren 5a: Ekialdeko
Erregeen kabalgata.
Otsailaren 3a (eta beraren
inguruko egunak): San Blas (herriko festak)
Otsail/martxoa: Inauteriak.
Maiatzeko lehen igandea:
Gazta eguna.
Mendekoste ondoko lehen
igandea: San Adriango prozesioa.
Ekaina: Artisau eguna.
Irailaren 29a: San Migel
festak Urtsuaranen.
Abenduaren 24a: Gabon
eskea eta Olentzero.
|