43 graduko ipar latitudean egonik, Idiazabal bete-betean klima epelen eskualdean dago sartua. Itsasotik oso gertu (31 kilometro herri gunetik), Europako kontinentearen mendebaldean eta mendi artean dagoenez, klima atlantikoa da.
Urteko batezbesteko tenperatura 11-12 gradu ingurukoa da eta hilik beroenaren eta hotzenaren arteko gorabehera termikoa txiki samarra da (11-12 gradu); abuztua izan ohi da hilik beroena (18-19 gradu) eta urtarrila hotzena (7-8 gradu).
Klima atlantikoari dagokionez, Idiazabalgo klima oso euritsua da; azken 30 urteetakoari begiratuz, jakin beharrekoa da, batez beste, urtean 1.600 l/m2 euri inguru egin dituela. Herri gunean, batez beste, urtean behin edo zuritzen du elurra eginda. Euria urte osoan nahikoa banatuta izaten da, nahiz eta udaldian nabarmen jaisten dela ere esan behar den. Euri gehiena Atlantikoko fronteek ekartzen dute, mendiekin topo egin eta dakarten ura botatzen dutenean. Dena dela –udan, batez ere- izaten dira ekaitzak ekarritako erauntsiak ere.
Ipar hemisferioko zirkulazio orokorrari dagokion legez, haizeak gehienetan mendebaldetik jotzen du, hego ukituarekin batzuetan (lehorra) eta itsasoko ipar ukituarekin gehiagotan (euria ekarriz).