Aro Kretazikoaren erdi aldera itsaspean itxuratutako materialez daude osatuak ia erabat Idiazabalgo lurrak; orain dela 112 milioi urte hasi zen prozesua eta 22 milioi urte geroago bukatu.
Higadura eragileek (haizeak, urak...) ordutik gaur egun arte higatu eta garraiatu dituzten materialak Oria eta Urtsuaranen ibar azaletan, behealdean, geratu dira jalkita.
• Lurrazalean, nagusiki, honako harri mota hauek ageri dira:
• Lapitz harriak
• Kareharri buztintsuak
• Hareharriak
• Lutitak (buztina...)
Lurraren barruko indarrek eragindako haustura eta tolestatzeek itxuratu dute gaurko egunean daukagun orografia (orain dela 40 milioi urte inguru, Pirinio aldea altxatu zuen indarrak, batez ere).
Prozesu horien ondorioz, mendi ez oso garaiz (900 metro inguru, gehienez) eta erreken indarrak higatutako sakanez dago osatua Idiazabalgo lurraldearen erliebe gehiena. Errekek sortutako haranen behealdean, ibar ez oso handiak ere sortu dira (200-300 metroko zabalera Oriarenean); ibar horiek 150-250 metroko altueran daude (Idiazabalgo herri gunea bera 211 metrora).