
Igarondoko etxean jaio zen. Aita idazkaria zen eta, umeak urtebete zuela, familia osoa Beasaina joan zen bizitzera.
Apaiztu eta, 1918an, Burgo de Osmako gotzain izendatu zuten, 1924an Iruñeko eta 1928an Gasteizko (Gipuzkoako probintzia ere bere elizbarrutian zuela). Postu horretan bizi izan zituen Espainiako II. Errepublikako eta Gerra Zibileko urte zurrunbilotsuak eta ez zituen harreman oso gozoak izan bateko eta besteko agintariekin.
Errepublika hasi baino lehen, Elizaren aspaldiko joerari jarraiki, monarkia kentzeko asmotan zebiltzan indar politikoen jokabidea gaitzetsi egin zuen. Gauzak horrela, ez zen harritzekoa izan, Errepublika hastean -Elizaren aurkako giroa zabaldu zelarik zenbait lekutan- agintariek bera eta Segura kardinala erbesteratzea; Frantziara kanporatu zuten 1931n, karlista eta abertzaleekin azpijokoan zebilelako akusaziopean. 1933an itzuli zen berriro.
Autonomi estatutua lortzeko prozesuan, zuzenean izan ez bazen ere, bere aldekotasuna erakutsi zuen. Eraiki berria zen, Gasteizko apaizgaitegian, bestalde, euskal kulturgintzaren alde aritu zen.
1936an, Franco Errepublikako agintarien kontra altxatu zenean, Espainiako Elizaren barnean nabarmen ageri zen iritziarekin bat eginda, Muxikak ere Errepublikaren alde egitea ez zela bidezkoa adierazi zuen. Baina, Euskal Herriko mugimendu abertzale kristauak (EAJk) eta beraren inguruko apaizek Errepublikaren aldeko apustua egin zutelarik, Muxikak ere, matxinatuen gehiegikeriez ohartu eta salatu egin zituen. 1937an, Espainiako ia gotzain guztiek Francoren erregimenaren alde sinatu zuten agiria ez zuen izenpetu eta agintari zibilek gotzain kargua uztera behartu zuten.
Berriro ere erbestera joan behar izan zuen (Kanbora). 1947an itzuli eta Zarautzen bizi izan zen hil arte.
“Bere burua jakintsu egin zuten gizon batzuek esan zuten bearturik dagoala gizona Jaungoikoari kulto edo begiraun donea ematera, baña bera bakarrik dagonean, ez denak soziedadean alkartzen diranean. Uste zuten, banaka gizonak Jaunagandik itxeki zeudela; ez ordea gizon guztien soziedade edo batzarra. Mintzatzen ziran onela uste zutelako soziedade edo gizon guztien batzarra gizonak berak asmatua zala, ez Jaungoikoagandik sortua; borondatezko gauza zala, ez bearrezkua. Eta, jaunak, eskribatzalle jakintsuak ez dira onelakuak esan dituztenak: ez da egia, ez, ayec erakutsi dutena. Jaungoiko gure jauna, gizon bakarren jabe oso ta bakarra dan bezela, soziedade edo gizon guztien batzarraren Jaun eta jabe da. Bera, Jaungoikoa, da gizonen batzarraren asmatzallea, jauna, zuzentzallia, nagusia, asiera ta azkena. Batzar ori Jaungoikoagandik itxekia da eta ala izango da orain eta beti.”
MUGICA, Mateo, “Eliz-itzaldia” (Euskalerriaren Alde, Año I, núms. 18 y 19)
Arte, lengua y literatura, Auñamendi, San Sebastián, 1973