Bestelakoan, feudalismo garaiko berriak ez dira askoz oparoagoak. XII. mendearen hondarreko dokumentu batean, herriaren gaur egungo izena lehenbizikoz idatzita ageri da (1199. urtea).Euskal Herriko Kantauri aldean, gaur egungo baserrien aurretik zeuden asentamenduak eginak izango ziren. Hasieran egurrez bakarrik eta, gero, harriz eta egurrez egindako txabola xume samar batzuetan biziko ziren orduko idiazabaldarrak.
Mikel goiaingeruaren eliza ere XII-XIII. mendeen inguruan eraikitzen hasi zelarik, pentsatzekoa da ordurako izango zela herri edo auzo eraketaren bat inguruan eta, ohi zenez, inguruko jaun edo handikien aginteak, nola edo hala, harrapatuko zuen. Lazkaoko jauna, konparazio baterako, Idiazabalgo elizaren patroi edo jauna zen eta berak zuzentzen zuen parrokiaren jarduna (bikarioa izendatuz...). Noble handikiak eta Eliza, horra garaiko bi erakunde ahaltsuenak.
Ermitak ere, gehienak, inguruko baserrietako jaunenak ziren: Santa Isabel, Eztenagakoa; San Andres, Arizkorretakoa; San Esteban, Akutaingoa; Santa Polonia, Arimasagastikoa; San Ignazio (beharbada berriagoa), Oriakoa... Gurutzetakoa eta Kalbariokoa, ordea, herriarenak.

Gizarte hura antolatu eta eratuz joan zen neurrian, garaiko administrazio egituretan sartuz ere joan zen. 1384. urtean, aurreko mendean hiribildu bihurtutako Seguraren babesera bildu zen, beti ere bere nortasuna gordez (“unibertsitate” modura azaldu zen aurrerantzean dokumentuetan).
Bien bitartean, XVI. mendean, lehenagoko mendeetan egurrez egindako txabolen lekuan, gaur egun dauzkagun baserri zaharrenak eraikitzen hasi bide ziren; egurraz gain, harria eta karea ere erabili zituzten (Urbizu Gerikok gorde du –beste guztiek baino hobeto- gaur egun arte, orduko egitura). Ondoko mendeetan, artoa bezalako gai berriak sartu eta, poliki-poliki, bizilagunen kopuruak gorantz egin zuen neurrian, baserri berriak ere egin ziren XIX. mendea arte.
Baserritarrek, bere lurrez gain, Idiazabalgo herri lurrak eta Urtsuaran, Urbia eta Altzaniako partzonerietakoak ere erabiliko zituzten jadanik (antzinako erabilera arautzeko, XV. mendearen hasieran, legez eratu ziren). Baserritarren bizimoduak ez bide zuen erosotasun izugarririk, hala ere. Mendi aldeko lur haiek ezinbestekoak izango ziren hainbat gauzatarako herritar gehienentzat: ganaduarentzako larrea eta egurra zeuzkaten haietatik.
Garaian paretsu, bestalde, baserriaren ekonomiari oso lotuak zeuden industriak ere bizkortu ziren. Errotak, batetik, alea ehotzeko; Urtsuarango Olakoa eta handik beherako gainetikoak: Loidi, Lopategi, Errotagain, Arimasagasti, Oria, Eztenaga, Ihurre. Eta burdingaiak egiteko olak ere: Urtsuarango biak eta Loidi edo Zuloagakoak (hasieran herriarenak); Ihurrekoa, Lazkaoko jaunarena... gure herriko baserri ekonomiaren osagarri ezin utzizkoak izan ziren.
Baserri batzuetako jaunak aberastu ere egin ziren eta baita bere etxeak dotoretu ere: Maugia, Arimasagasti, Oiarbide eta Eztenaga (hau lehenagokoa, beharbada) jauretxe itxura emanez berreraiki egin ziren XVII-XVIII. mendeetan. Agerian dute oraindik orduko handi nahia.
1615. urtean, erregeri behar zen diru kopurua ordainduz, Seguratik apartatu eta “villa” titulua lortu zuen Idiazabalek. Bere burua gobernatzeko, herriko etxea kontzeju etxe bihurtu zen; beraren altzoan sortu zen ostatua ere.
Aurrerantzean, gainera, Gipuzkoako gobernu gorabeheretan tarteko izateko, Batzar Nagusietan esku hartzeko eskubidea izan zuen, beste herri guztiek bezala. Bizilagun gutxi samarrekoa izanik, ordea, inguruko herriekin bat egin ohi zuen Idiazabalek bere ordezkariak bidaltzeko: batean Ataun, gero Segura, hurrengoan Zegama eta Mutiloa... izan zituen elkarkide.
Eliza ere, mende oparo haietan egin edo osatu zen. XVI-XVII.. mendeetan eraikina bera (gotikoa) eta XVIII.eko hasieran korua, erretaulak eta irudiak.