Idiazabalgo bizilagun gehienak kaleko gunean bilduta bizi dira. Bertako eraikin gehienak nahikoa berriak dira, ez baitago aspaldiko mendeetan -bailarako buru izan ziren hiribilduetan dauden bezala- hirigune zaharrik. Etxe gehienak 1960tik honanzkoan eginak dira, 1986 arte N-1 izandako kaminoaren bi aldeetan luze-luze jarrita; gaur egun, herriko gune honek kilometro bat baino gehiagoko luzera du.
Etxeen tipologiari begiratuz, honakook dira nagusi:
• XX. mendeko zabalpena baino lehenago egindako etxe batzuk badaude oraindik. Pisu bat edo bikoak dira.
• 1960tik aurrera egindako etxe blokeak, hiru-lau pisukoak (Gurutze Berri, Bikuña, Zigor, Adarra, Kale Nagusia...).
• 1990 aldetik, batez ere, famili bat edo birentzako txalet eta txalet modukoak ere egin dira, ondoan lorategi txikiren bat dutela.
Kaleko etxe sail luzearen erdi parean, Idiazabalgo erdigunearen hasierako multzoa dago: Udaletxea, Plaza eta Eliza dira beraren ardatza.
Erdigune nagusi horren inguruan, oso urrutira joan gabe, Kale Nagusian gora eta behera, zerbitzu nagusi ia guztiak daude bilduta: dendak, tabernak, aurrezki kutxak, mediku etxea...; Plaza parean, kultur etxea, igerilekua eta pilotalekua; erdiko gune honetatik urrutixeago, jubilatuen etxea, eskola eta kiroldegia. Han-hemen parke eta lorategiak.
Esan bezala, 1986tik, Madril-Irun errepide nagusia ez da herriaren erditik igarotzen. Saihesbidea egin zen eta, gaur egun, autobia bihurtuta dago. Udal barruti osoa zeharkatzen du eta bera da beste herri batzuekiko komunikabide nagusia. Segura eta Zegamara doan errepidea ere badago.